Hasiera > Kultura eta turismoa > Historia eta artea

Historia eta artea

Historia

Mugako herri honetan jauregi bat eta babes-dorre bat izan ziren. Bere historia osoan etengabeko erasoak jasan ditu, bai gaztelauen partetik eta bai gipuzkoar eta frantziarren partetik ere.
Antza denez, gerrako gertaera historiko batetik datorkio izena, Lekunberri (Leku berri) hainbat aldiz suntsitua eta berreraikia izan da. Herria kiskalita utzi zuen lehen sutea 1430. urtean gertatu zen, eta ordurako, bertan gotorleku bat zela aipatzen da.
Gauza jakina da antzina-antzinatik aduana-eginkizunak (bide-saria) bete izan dituela, XIII. mendetik gutxienez, eta hori zela eta, inguruko lurraldeetako merkatariek zenbait zerga ordaindu behar izaten zizkioten Nafarroako Erresumari. Bazuen, halaber, Errege Bide bat ere, Iruñetik Gipuzkoara zihoana, eta bertan, Kate bat jarria zuten XVIII. mendean, eta Tolosako eta Iruñeko posta-ekarleek bertan uzten zuten posta. 1792. urteko txosten baten arabera, Aldundiak Iruñetik Gipuzkoaraino zihoan zortzi legoa baino gehiago bide hori proiektatzea erabaki zuen, zoladura irmoko 24 oin gaztelauko zabalera batez, eta oin bat eta laurdeneko lodiera zuen harlanduzko ohantze batek osatua, galtzada lakarra modukoa eratuz, hori guztia harri-koskor sendo eta txikiz estalia, mugarriz eta izkinarriz hornitua.
XIX. mendean baziren bertan bi denda, bi ostatu, taberna, mutikoentzako eskola eta neskentzakoa, eta herritarrek hornitzen zuten parrokia-elizako abadea. Bazen, baita ere, bi errotarri zituen errota bat. 20ko hamarkadan, irin-fabrika bat, txokolate-fabrika, gatz-fabrika, zerrategia eta komentua ere bazeuden.

Erlijio-artea

San Joan Bataiatzailearen Parrokia Eliza, Ahizpa Klaratarren Komentua, Pilarreko Ama Birjinaren Baseliza.

Arkitektura zibila


Ordekako baserriak parrokiaren inguruan antolatuak daude Lekunberrin. Baserriaren tipologia hori herriko ia etxe guztietan errepikatzen da, zenbait salbuespen dauden arren.

Toponimia Lekunberri

Web honen helburua Nafarroako toponimia ofizialeko datu basean kontsultak egiten laguntzea da. Horretarako toponimo bakoitzaren informazio linguistiko, etimologiko, dokumental eta geografikoa eskaintzen da. Gainera, informazio hori osatu ahal izanen duzu Nafarroako Gobernuaren web ofizialetan eskaintzen den informazioarekin (katastro eta kartografiako datuak)

Ikusi Lekunberriko toponimia

Bitxikeriak

Lekunberri erdi-erdian Ayestaran Hotela dago, eta bertatik makina bat jende ospetsu igaro da, bai Victoria erreginaren garaian Donostiak bizi izan zuen gorakadak erakarrita, edo bai geroagoko denboretan ere, San Fermin inguruan gehienetan, Iruñetik oso gertu dagoelako eta edertasun handiko paisaiak eskaintzen dituelako. Aipatzekoa da hotel honetan Hemingway idazlea bezalako izen handiko pertsonak izan direla.